GIZAKIOK
UGALDU EGITEN GARA
Badakizu
izaki bizien ezaugarrietako bat ugaltzeko gaitasuna dela. Gai honetan
gizakiok ditugun ugal organoak eta organo horien funtzionamendua
aztertu, pubertaroan gure gorputzak dituen aldaketak gogoratu, eta
ernalkuntzari, sabelaldiari eta erditzeari buruzko zenbait atal
arakatuko ditugu.
Aldi berean,
maitasunak eta afektibitateak sexualitatean duen garrantzia
ulertarazten ahaleginduko gara, norberaren sexu-garapenari eta
sexualitateari buruzko zenbait sineste, mito, beldur, eta abar
argituko ditugu, eta inori kalterik egin gabe sexu-portaera
desberdinak dituzten pertsonekiko behar den begirunezko eta
onarpenezko jarrerak garatzearen garrantzia azpimarratuko dugu.
ZER DAKIT
GAIAZ
- Ezertan hasi aurretik galdera hauei erantzuten saiatuko zara:
Zer da
pubertaroa?
Zer aldaketa
gertatzen dira sasoi horretan gorputzean?
Idatzirik
dauden eskuineko organo batzuk gizonaren edo emakumearen ugal
aparatuetakoak dira. Lot itzazue gezi bidez:
Laringea
Maskuria
Emakumearen
ugal aparatukoak Ureterra
Barrabila
Bagina
Giltzurruna
Zakila
Gizonaren ugal
aparatukoak Obulutegia
Hazi-besikula
Himena
Uretra
Gibela
- Esan egia (E) ala gezurra (G) den esaldi hauetako bakoitza:
- Emakumeen umetokiak sortzen ditu obuluak .
- Falopioren tronpa emakumearen ugal aparatuko organoa da.
- Emakumeak, normalean, 40 egunez behin izaten du hilekoa, pubertarotik hasita.
- Obulazioa eta hilekoa gauza desberdinak dira.
- Antisorgailurik erabili gabe obulazioa gertatzen den egunean sexu-harremanak izaten baditu bikote batek, emakumea haurdun geratzeko aukera handiak daude.
SEXU GARAPENA PUBERTAROAN. UGAL ORGANOAK
Bizidunok
bizialdi mugatua dugu, baina ugalketa bidez belaunaldi batek aurreko
belaunaldia ordezkatzen du, eta horrela bizitzak aurrera jarrai
dezake. Gizakion ugalketa sexu desberdineko gizabanakoak daudelako da
posible. Ugalketa hori gerta dadin, pertsonak garatu egiten gara,
sexu-mailan hazi ahala.
Ez da erraza
berdin jantzi eta orraztutako mutikoa eta neskatoa bereiztea.
Bereizketa hori egiteko, beharrezkoa da gehienetan haurrak biluzik
ikusi eta sexu-organoei behatzea.
Haztean, sexuen
arteko desberdintasunak areagotu egiten dira. Desberdintasun horiek
abiatzen diren uneari pubertaroa deitzen zaio, eta mutilengan 12-14
urte inguruan abiatzen da, eta neskengan 11-13 urte inguruan; hala
ere, adin hori erreferentzia gisa ematen dugu, kasu batzuetan geroago
gerta baitaiteke. Beraz, zu pubertaroan sartzeko zorian zaude, edo
sartu berria zara.
Modu
askotara definitu ohi da pubertaroa: mutikoak eta neskatoak gizon eta
emakume bihurtzen diren periodoa, heldutasun
sexuala heltzen den unea, gizakiaren
organismoak ugaltzeko ahalmena iristen duen adina…
Ondoren,
gizakiengan pubertaroan gertatzen diren aldaketa nagusiak adieraziko
ditugu.
Pubertaroan
gertatzen diren aldaketa nagusiak
Neskarengan
- Altueran asko hazten da.
- Bihotza, arteriak, benak eta birikak bezalako barne organoak asko hazten dira.
- Bularrak hazten hasten zaizkio.
- Besapeetan eta pubisean ileak ateratzen hasten zaizkio.
- Gorputzeko zenbait lekutan, aldaketan eta izterretan bereziki, koipea pilatzen da, eta gorputzak forma biribilduak hartzen ditu.
- Pelbisa zabalagotu egiten da.
- Sexu-organoek behin-betiko neurria hartzen dute eta lehenengo hilekoak gertatzen dira; hilekoak 28 egunez behin izaten dira gutxi gora-behera, nahiz eta normalean hasierako hilekoak oso erregularrak ez izan.
Mutilarengan
- Altueran asko hazten da, sorbaldak zabalagotu eta giharrak asko garatzen zaizkio.
- Bihotza eta birikak bezalako barne organoak asko hazten dira, eta neurriz bikoiztera ere irits daitezke.
- Besoetan, hanketan, pubisean eta besapeetan ileak ateratzen hasten zaizkio. Bizarra ere orain agertzen da.
- Izerdi-guruinen jarduera handiagoa egiten da.
- Ahotsa aldatzen da, indartsuagoa, erlatsagoa eta baxuagoa bihurtuz; horrekin batera, “intxaurra” edo zintzur-sagarra agertzen da eztarrian.
- Barrabilak eta zakila neurriz handitzen dira.
- Lehen hazi-isurketak gertatzen dira. Nahita edo nahigabe izan daitezke; lehenengo kasuari masturbazio deitzen zaio; nahigabeko hazi-isurketak gauez gertatzen dira, eta amets sexualen ondorio izaten dira sarritan.
Aldaketa
horiek guztiek bultzatuta, eta behar beste informazio ez badago,
zenbait mito eta uste oker sortzen dira sarritan pubertaroan dauden
ikasleengan. Hona hemen horietako batzuk:
Mito eta uste okerrak
- Neska bat hilekoarekin dagoenean ezin dira zenbait jarduera egin
(bainatu, edari hotzak edan, kirolean aritu…).
-
Zenbat eta handiagoa izan zakila, orduan eta “gizonago” da
mutila, eta handiagoa du sexu-ahalmena.
-
Mutilek gauez izaten dituzten nahigabeko hazi-isurketak
ahultasunaren seinale dira.
- Hilekoa
atzeratuta agertzea “emakumetasun” ahularen seinale da.
|
Zer den egia
-
Jarduera horietako batzuk (bainua, dutxa, paseoak, kirola neurriz
egitea…) komenigarriak eta beharrezkoak dira. Oso garrantzitsua
da gorputzaren higienea ongi zaintzea egun horietan. Hilekoak ez
du aldatu behar emakumearen eguneroko bizimodua, sendagileak
berariaz halakorik agintzen ez badu behintzat.
- Ez dago inongo erlaziorik organo horren neurriaren eta
“gizontasunaren” artean.
- Gau-isurketa horiek erabat normalak dira, batez ere pubertaroan
eta nerabezaroan. Fantasia eta amets erotikoek eraginak dira, eta
ez dira inolaz ere gaixotasunaren edo ahultasunaren adierazle.
- Inola
ere ez. Organismo bakoitzak bere garapen-erritmoa du, eta ez da
“emakumeagoa” hilekoa lehenago izaten duena.
|
Gizonezkoak
eta emakumezkoak bereizten dituzten organo nagusiak sexu-organoak
dira. Aurreko urteetan ikasia duzu nola dauden eratuta sexu-organo
horiek. Gogoratze aldera, irudian duzu emakumearen ugal aparatuaren
eskema bat.
Nolabait
laburtuz, emakumeen ugal
aparatuak bi zati
ditu: kanpoaldeko organoak
eta barneko organoak.
Kanpoaldeko
organoek bulba
edo alua dute
izena, eta ezpain handiek,
ezpain txikiek,
klitoriak, pixa
egiteko zuloak eta baginaren sarrerak
osatzen dituzte. Ezpainen eginbehar funtsezkoena bagina eta
pixa-zuloa estaltzea da; klitoria, berriz, zakilaren modura tente
jartzen den organotxo bat da, eta eginkizun nagusia sexu-harremanetan
plazera lortzeko bidea izatea da. Baginaren sarrera himen
izeneko mintz batez egoten da estalia. Himenaren loditasuna aldatu
egiten da emakume batetik bestera, zulotxo bat edo gehiago izaten
ditu hilekoaren odola irten dadin, eta normalean hautsi gabe egoten
da koitorik inoiz egin ez duten emakumeengan, nahiz eta oso erraz
hauts daitekeen.
Barneko
organoak aztertuko ditugu orain. Obulutegietan
obuluak sortzen dira. Obuluak neurri
handiko zelula biribilduak dira. Normalean hilero obulu bat heltzen
da, eta obulutegitik askatu ondoren Falopioren
tronpak jasotzen du. Honi obulazioa
deitzen zaio. Tronpak paretetan dituen iletxo batzuek bultzatuta,
obulua umetokira iristen
da; bidaia horretan hiru edo lau egun pasatzen ditu.
Pubertaroan,
eskroto izeneko
zorrotxo batean zintzilik dauden barrabilak
heltzen hasten direnean, espermatozoide
kopuru handia duen likido zurixka lodi bat
ekoizten hasten dira etengabe. Espermatozoideak forma luzexka duten
zelula mugikorrak dira. Espermatozoide horiek hodi batetik zehar
hazi-besikuletaraino
iritsi eta han pilatzen dira zakila,
zeharkatzen duen uretratik
kanporatuak izan arte; kanporaketa honi hazi-isurketa
deitzen zaio. Likido lodi horren zati bat prostatak
ekoizten du. Aldi bakoitzean 100 milioi espermatozoide baino gehiago
igortzen dira.
Zakila zeharkatzen duten esponja-itxurako ehun batzuetan, gorputz
leizetsu deitutakoetan pilatzen den odolari esker, hark neurriz
handitu, gogortu eta zutikor bihurtzeko ahalmena du. Odola berriro
zirkulazio-sistemara itzultzean, zakila bere barealdi-egoerara
itzultzen da. Sexu-kilikaduraren eraginez zakila tente jartzen da.
Batzuetan, goizetan esnatzean, zakila tente egoten da, baina ez
sexu-kilikaduraren eraginez; kasu horietan, pixaren maskuriak, beteta
egonik, zakileko gorputz leizetsuak estutzen ditu, eta horiek odola
gordetzen dute.
NOLA JAIOTZEN DIRA HAURRAK?
ERNALKUNTZA
Haur
bat sortzeko sexu-harremanak izan behar dira. Espermatozoideak
obuluarekin elkartu behar du, koitoaren bidez, Honi ernalkuntza
esaten zaio. Honetarako , gizonezkoak emakumezkoaren baginan sartu
behar du zakila, eta bertan semena edo
hazia isuri.
Hala
ere, gaur egun badira teknika batzuk, intseminazio artifiziala, in
vitro intseminazioa…haurrak sexu-harremanik gabe ernaltzeko.
Hazian dauden espermatozoideak umetokiaren sarreratik Falopioren
tronparaino igo behar dute. Falopioren tronpan obulua badago,
espermatozoideak obulua ernal dezake; espermatozoide bat baino ez da
obuluan sartuko.
Ernaldutako obulua handitu egingo da eta zelula txili askotan
zatituko da; lehenego bi, gero lau, gero zortzi…
Ondoren,
ernaldutako obulua umetokira jaitsi eta haren horman itsatsirik
geratuko da. Une horretan enbrioia
sortu eta garatzen hasiko da. Orduan, emakumea haurdun dagoela esango
dugu. Haurdunaldia
bederatzi hilabetekoa izaten da.
Obulua
espermatozoidearekin elkartzen ez bada, hilabete horretan hustu
egiten da umetokia eta baginatik odola irteten da; hori gertatzen
denean, hilekoa
etorri dela esaten dugu. Odoljario horrek 4-5 egun irauten du.
Gerta daiteke, baita ere, sexu-harremanak eduki bai, baina ugaltzerik
nahi ez izatea. Horrelakoetan antisorgailuak erabiltzen dira:
pilulak, diafragma, preserbatiboa, DIUa… Preserbatiboa
antisorgailua izateaz gain, sexu-harremanen bidez transmititzen diren
gaixotasunen aurrean babesle bakarra da.
HAURRAREN GARAPENA SABELALDIAN
Ernaldutako
obulua umetokiko paretetan finkatu ondoren, haziz joaten da, eta
bigarren asterako arroz-ale baten neurria duen enbrioi bilakatuta
dago. Hilabeterako enbrioi
hori likidoz betetako poltsa batez inguratuta egoten da; kolpe eta
infekzioetatik babesten du poltsa horrek.
Irudietan ikus dezakezu umekiaren garapena
Sabelaldiko
bederatzi hilabeteak igaro ondoren, emakumezkoak badaki haurraren
jaiotza hurbil dagoela, sabelpean uzkurdurak nabaritzen dituelako
tarteka-tarteka, gero eta indartsuagoa eta gero eta maizago.
Umetokiko giharrak uzkurtu egiten dira, eta umetokiaren behealdeko
pasagunetik fetua baginara pasatzen da; une batean fetua inguratzen
duen likidoz betetako poltsa hautsi egiten da, eta likidoa baginatik
kanporatzen da. Umetokiaren uzkurdurek kanpoaldera bultzatzen dute
haurra, burua aurretik duela normalean. Buruak bagina zeharkatu
duenean, haurraren gainerako gorputza erraz ateratzen da.
SEXUALITATEA ETA UGALKETA GIZAKIENGAN
Animaliek
ugalketa posible den une jakinetan bakarrik izaten dituzte
sexu-harremanak, eta kasu askotan urtean behin bakarrik, urtaro jakin
batzuetan: araldian
daudela esaten da; animaliek aldi horietan bakarrik ekoizten dituzte
espermatozoideak eta obuluak. Sexu-harremanak noiz izan adierazten
dieten faktoreen artean tenperatura, klima, argia, egunaren iraupena,
euri- zaparradak, usaina, komunikazio- seinaleak, janari-kopurua eta
abar daude. Garai horietatik kanpo ez dute izaten sexu-harremanik,
helburu nagusia espeziaren iraupena ziurtatzea baita.
Gizakiok, ordea, ez ditugu sexu-harremanak izaten gure espeziaren
iraupena segurtatzeko bakarrik, nahiz eta ondorioz hori ere lortu.
Gizakiak ez du araldi jakinik, eta urte guztian zehar kontrola dezake
noiz izan sexu-harremanak; hiru helburu hauetakoren bat edo denak
batera lortzeko izango ditu:
1.-
Beste pertsona batekin komunikatu eta erlazionatu:
bi pertsonak elkar maite dutenean, elkarrengandik ahalik eta hurbilen
egon nahi izaten dute, sentitzen dutena elkarri adierazteko gogoa eta
nahia nabaritzen dute; eta bien arteko erlaziorik kuttunena elkar
ukituz, musukatuz eta laztanduz lortzen dute.
2.-
Plazera lortu: bi pertsonaren arteko
sexu-harremanen bidez plazera eta atsegina lortzen da, eta hori ona
da.
3.-
Ugaldu: pertsonek, gehienetan, ez dute
haurrak izateko helbururik izaten beren sexu-harremanetan. Gizon
batek eta emakume batek elkar maite dutenean, egoki iruditzen zaien
beren bizitzako uneren batean, eta ongi pentsatu ondoren, haur bat
izatea erabakitzen dute. Bizitzan zehar oso gutxitan gertatzen da
hori. Beraz, eta animalietan ez bezala, pertsonon sexualitatea eta
ugalketa ez daude derrigor elkarrekin lotuta.
Gizakiaren
sexualitatea besteekin erlazionatzeko eta komunikatzeko bidea dela
adierazi dugu. Hori modu askotara lor daiteke: harreman
heterosexuala sexu desberdineko pertsonen
artean ematen da, harreman homosexuala
sexu bereko pertsonen artean ematen da.
Afektibitatea
eta sexualitatea bizitzeko era desberdinekiko errespetua izan behar
dugu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario